Nire etxea eraikitzen

I. fase: Ideiaren eta diseñuaren sorrera

Asmo guztien antzera, nafarrolako lur eremuan domo bat egiteko ideia denbora luzez ibili nuen bueltaka buruan. Egitura mota horrek liluratuta ninduen aspalditik. Domoekiko grina Ingalaterra hegoaldean bizi nintzenean hasi zen; Eden Project ezagutu nuenean, hain justu. Eden Project (1995) natura eta garapen jasangarrira bideratutako paisajismo lan izugarria da; zeinean, buztin meategi degradatu bat zegoen tokian domo erraldoiez osatutako ekosistema desberdinak eta pasaia ederra sortu zuten. Copenhagen bizi nintzenean ere, liburutegi publikoaren ondoan zegoen domo berezi batera joan ohi nintzen ikastera. Bertan kontzertuak, erakusketak eta askotariko ekintzak antolatzen zituzten. Tokiak zeukan energia bereziak txundituta noizbait domo bat egingo nuela amesten nuen.

Antza denez, domoaren egitura oso zaharra da; hastapena mesopotaniaren garaian badu ere, gerora zibilizazio gehienetan erabili izan dute: Erromatar Inperioan edota Pertsian. Esan beharra dago, historian zehar gehien errepikatutako erabilera kupularena izan dela. Izan ere, kupula esfera erdi bat izaki, domoa baita. Walther Bauersfeld fisiko berlindarrak sortu zuen domo geodesiko gisa ezagutzen den elementu arkitektoniko zehatz hori, Jenako planetariorako. Burutapen horrekin etorri nintzen, bada, Euskal Herrira orain dela bi urte eta zorteko izan nintzen Berdeago azoka, Bilboesfera domoak eta EHbioeraikitzen ezagutu bainituen.

II. fasea: Terrenoa prestatu:
Egurrezko eskeletoa eta txapela

Helburua bioeraikuntzako printzipioak erabiltzea zen. Bioeraikuntzaren oinarrian material naturalak erabiltzea, eta lekuko baliabideak zein klima kontuan hartzea dago. Antzinako teknikak berreskuratzen dira, ingurunearen eta gizakien osasunean erreparatuta. Alegia, eraikuntza osasungarriak sortzea du helburu, naturarentzat eta gizakiarentzat. Nafarrolako domoaren eraikuntza, fase guztietan eta hasiera hasieratik, printzipio honekin eraiki da. Adibidez, domoa kokatzeko plataforma sortzeko inguruko harriak, egurra eta karea erabili ditugu. Ahal izan dugun heinean egurra birziklatu egin dugu (aztarna ekologikoa eta gastu ekonomikoa murrizteko). Lurreko isolamendua, esate baterako, inguruko lasto eta karez eginda dago.

“Egiten duenak, erratu egiten da. Baina ikasi egiten dau ere”.

Zer esanik ez, prozesu guztia esperimentu bat izan da, etengabeko ikasketa. Izatez zerbait eraikitzen nuen lehen aldia izan da; porrot asko eta hainbat asmatze bidean. “Egiten duena erratu egiten da, baina ikasi ere egiten du” esan ohi da. Norbere kabuz zerbait eraikitzean, ikasteaz gain, badira pare bat gauza nabarmentzekoak. Batetik, eskuekin sortzea, zerbait gauzatzea;  zein pozgarria den 10 orduz jo eta ke landan egon ostean egindakoa ikusi eta ukitzea. Bestetik, oso aberasgarria da honelako proiektu bat lagunekin konpartitzea, lekua bera memoria kolektiboaren parte bilakatzea.. Oso eskertuta nago izan dudan laguntza guztiagatik. Bakarrik egin nezakeen agian; baina ez dut zalantzarik; elkarlanean politagoa izan da; elkarrekin ikasi eta disfrutatu dugu espazioa.