NAFARROLA, BELAUNALDIZ BELAUNALDI ERAIKITZEN

 

Orain duela 450 urte haritz erraldoiez eta harriz eraikitako baserria da Nafarrola. Bermeoko artike auzoan dago eta bere izenak orain ehundaka urte bailara honetara etorritakoen jatorria  isladatzen du. Euskal Herriko nekazarien ondare eta ohiturak batzen dituen tokia da; material nobleekin egindakoa; herri baten nortasunaren testigu; nekazaritzaren aldaketen lekuko; berton bizi izandako familia desberdinen aterpe.

 

NAFARROLAKO HISTORIAREN AZTARNEN BILA

Nafarrola izena lehen aldiz 1285. urtean aipatzen da. Herrian entzuten denez, hasieran, bailara honetan, hasiera batean Nafarrola izeneko baserri bat baino ez zegoen. Familia nafar bat etorri omen zen bertora bizitzera, izenak adierazten duenez:  NAFAR (nafarroatik etorritakoak) + OLA (etxola edo tokia).  Beranduago, Nafarrola familia handitu egin zen eta Nafarrola txikerra edo Nafarrola goikoa sortu zuten.

Arkitektura soziala eraikitzen

 

Ezagutzen den lehen jabegotik aurrera, familia askoren bizitokia eta animali askoren etxea izan da. Azken familia gurea izan arren, baserria garbitzera sartzean, argazki zahar batzuekin egin nuen topo. Nortzuk ote ziren? Familia eta lagunen artean galdetu ondoren,  lortu nuen azkenean argazki horiekin erlazionatutako emakume bat aurkitzea. Kontxi da bera; Bermeon joste eskolak emateagaitik ezaguna. Orain 70 urte inguru hainbat uda pasatakoa da Nafarrolan, nik duela 25 urte egiten nuen bezalaxe.