Hiritik baserrira

Beste modu batera bizitzeko ibilbidea: Naturatik urbilago.

18 urterekin joan nintzen lehenengoz etxetik kanpo eta hirira bizitzera Iruñera. Non eta bertan hasi nintzen hiriko bizitzaz disfrutazen.

Ordutik aurrera, biologia, jasangarritasuna, agrobiologia eta ingurumen-ingeniaritza ikasten eta lantzen ibili naiz Europako hiri desberdinetan. Naturari buruz ikasten hirietan, naturatik urrun, hormigoizko etxe handietan, kotxez inguratuta eta abiadura handiko bizimodua jarraitzen. Iruñetik, Madrilera eta Madriletik Londresera ikasteko aukera gehien eskaintzen zidan lekuaren atzetik.

Copenhagen amaitu nuen azkenean: kalitatezko hezkuntza, gizarte orekatua eta jasangarritasunaren Europako paradisua (aldaketa klimatikoaren gaineko konpromisoagatik, janari organikoaren ugaritasunagatik eta kaleetan bizikleten nagusitasunagatik). Hasieran, praktika batzuk egitera joan nintzen eta hain gustatu zitzaidan asko, ezen urte batzuen ostean ikastera bueltatzea erabaki nuen. Gure Bermeoko lamia, Xixili, bertako Cristian Andersenen, Den lille havfrue-gatik aldatu nuen.

Bizi lasaiago baten bila eta nire sustraiak berreskuratzeko gogoz etorri nintzen, 33 urte nituela, bueltan herrira. Bulego baten lanean egon ordez, benetan gustuko nuena egingo nuela erabaki nuen; hiritik herrira: hamabost urtez hiri desberdinetan bizi eta gero Bermeora.

 

 

Istorio hau gure garaiko beste askoren arteko bat da. Izan daiteke zeurearen antzekoa edo guztiz ezberdina. Ilusio, porrot eta arrakastaz betetako istorioa. Hirian ikasi, jende interesgarri mordoa ezagutu, asko bizi eta maitatu ondoren lurra ipar duen istorioa.

Besteek zugandik nahi dutena egiten baduzu, emakume, zure burua erbesteratzen duzu.” Clarisa Pincola Estes

 

 

Lurrera, naturara bueltatzeko bide honetan momentu oso bereziak bizitzen ari naiz aspaldian. Baserria bera baita oso berezia, natura, landare eta animaliaz betea.

Gure baserria, Frantzuerreka ibaiaren ondoko Nafarrolagoikoa. Errekaren soinu lasaigarria entzun daiteke zenbait ertzetan. Zuhaitzez jantzitako lur eremua; gutxi batzuk autoktonoak: haritzak edota sahatsak; gainontzekoak eukaliptoak, nagusiki. Badago zorionez ezkutatzeko leku ugari; han aurkitzen ditut sarri orkatzak inguruko landareak jaten, lasai eta pozik. Lurrean basurdeen aztarnak nabari ohi dira eta gauean, berandu, ingurutik ibiliz gero baten bat ikusteko zortea izan dezakezu. Azkonarraren aztarnak ere ikusi nituen behin baserri barruan. Esan didatenez, auzokoak gure bailaran, Nafarrola baserrien bueltan paratzen omen dira animalia basatiok ikusteko.

Udaberri honetan zoriontsu sentitu naiz inguru honetan naturaz inguratuta. Bioeraikuntzan oinarritutako etxe txikitxo bat eraikitzen hasi naiz, baserria konpondu bitartean, lo egiteko toki bat edukitzeko. Hori dela eta, landa eremu honetan denbora gehiago egoteko aukera eduki dut momentu ederrak biziz naturarekin bat.

Honek, Edward O.Wilsonen, (1984) ‘biofilia’ kontzeptua ekartzen dit gogora. Wilsonek sakon ikertu zuen naturak gizakietan daukan eragina. Bere ideia nagusia ondorengoa da: homo sapiens espezieak bere historiaren 99% naturarekin bat igaro dugu; bestetik gure historia gustiaren 1%  bakarrik bizi izan gara hirietan. Ondorioz, gizakiok naturaren beharra daukagu eta hobeto sentitzen gara naturaz inguratuta. Wilsonen ideia hau bereziki ulertu dut uda honetan eta sentitutako poztasuna gorenenera heldu zen animalia basati batekin topo egin nuenean. Abuztuko arratsalde bat zen. Asteburuan lagunekin hasitako baratza amaitzea zen nire helburua nire lagun azeria agertu zenean. Buru-belarri ari nintzen tontor batetik soloaren mandara lurra mugitzen, orgarekin. Nire ondoan jarri zen kuxkuxero begira, hori bai, metro bateko distantzia gordez, badaezpada. Nik aitzurrarekin lurra orgara mugituz jarraitu nuen. Bera, lur pilara joan eta lurrarekin jolasten hasi zen, ume bihurri bat izango bailitzan, ahizpak egindakoa desegiten. Jolasean pozik zegoela ematen zuen eta nire presentziarekin lasai aurkitzen zela nabaritu nuen. Une hartan baserri aldera hurbildu beharra izan nuen lanabes batzuen bila eta, nire harridurarako, nire atzetik etorri zen azeria. Jolasteko gogoa zeukan eta ni bere jolas kide bihurtu ninduen. Pozez zoratzen nengoen, animalia basati bat niregana hainbeste hurbiltzen zela ikusita. Ederra izan zen ikustea nola mugitzen zen leku txikienetatik eta dotorezia handiz.

 

Oso naturala egin zitzaidan gure jolasa eta horrelaxe aritu ginen ordu betez, harik eta bihotza alaitasunez beteta etxerako bidea hartu nuen arte.  Han geratu zen nire laguna baserria zaintzen nire kotxeari agur esaten ziolarik. Beste egun batean ere agertu zen nire lagun basatia. Jolasteko gogoz, berriro ere nire bihotza poztasunez betez. Oraingoan kamera hartu eta une hura grabatzeko aukera izan nuen. Ea laster beste bisitatxo bat egiten didan.

 

 

Gizakiak mundua bere inguruaren bitartez ulertzen du, betidanik. Gure arbasoak naturarekin harreman estuan bizi zirenean naturan erreparatu, ondorioak atera eta ikasi egiten zuten, bai eta ikasketa horiek transmititu ere. Antza denez, 27 espezie azeri daude munduko kontinente guztietan banatuta. Horregatik munduko kultura gehienek azerien inguruko kondaira eta sinbologiak dituzte. Jakin-minez,  kultura desberdinetan sinbologia horien esanahiari buruz irakurtzen aritu naiz eta emakumearen sormen indarrak gidatzen dituelako teoria aurkitu dut beste esanahi askoren artean.

“Naturaren erritmo etengabean badago indar-berritzailea den zerbait; egunsentia gauaren ondoren eta udaberria neguaren ondoren iristen denaren bermea”. Rachel Carson (1907-1964)